Antonio Mercero - Museo birtuala

Antonio Mercero - Museo birtuala

Bizitza pertsonala

1936ko martxoaren 7an jaio zen Antonio Mercero Juldain, zuzendari eta gidoilari lasartearra. 1958an Valladolideko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu bazen ere, berehala murgildu zen zinemagintzan. 1962an Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean zinema zuzendari bilakatu zen.

Zenbait film labur egin zituen Zinemako Eskola Ofizialean zegoen bitartean, baita sari bat edo beste irabazi ere. Trotin Troteras (1962) ikasketen amaierako lana izan zen, eta Zinemako Eskola Ofizialean “inoiz aurkeztutako lan bikainena” dela ziurtatu izan dute hainbat kritikarik. Parisko Arte Bienalean saria eskuratu zuen, 1965an. Hiru urte lehenago, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen Leccion de arte (1962) laburmetraiari esker.

Luzemetraietara jausia egiterako orduan, ez zuen laburmetraiekin izandako adina arrakasta lortu. Se necesita chico (1963) filma adibide argia da: gastu ekonomiko handia suposatu zuen arren, ez zuen oihartzun nahikorik izan. Hori dela eta, telebistan lehen lanak zuzentzen hasi zen. RTVE-ak eskaini zion lehen aukera pantaila txikian lan egiteko, Mercero berak elkarrizketaren baten aipatu izan zuen bezala. “ RTVEko bigarren kateak zabaldu zizkidan ateak zinema egiteko". Aldiz, hegoak eman zizkion bide berak moztu ere egin zizkion beste zenbait kasutan. La Fiesta (1968) saioko La Quesada kapitulua hamabost urtez egon zen zentsuratua, ustez goi kargudunen ildoarekin bat ez egiteagatik. Ordurako NO-DOrako lan bat edo beste eginak zituen, egoera ekonomiko zailak tarteko, beste lanik izan ez zuelako ikasketak amaitu berritan. Oro har, oso kritikoa izan baitzen Franko diktadorearen gobernuarekin.

Arrakastaren lehen kimuakAntonio Mercero, 1971ean

70-80. Hamarkada artean Espainiako Telebista Publikoak ez-ohiko ildo bat hartu zuen edukiak sortzerako orduan: nazioarteko lehiaketetara aurkezteko, telefilmak egitea proposatzen zien ekoizleei. Hala egin zuen La Cabina (1972) telefilma Mercerok 70. hamarkadaren hasieran. Zuzendariaren obrarik ezagunetarikoa da, Espainiako eta nazioarteko dozena sari jasotakoa. Ameriketako Estatu Batuetan jaso zuen Emmy-a da aipagarriena.

Telebistarako idatzi eta zuzendutako lanei esker iritsi zen bere ibilbidearen tontorrera: Cronicas de un Pueblo (1971), Verano Azul (1980), Turno de Oficio (1985) eta Farmacia de Guardia (1991), esaterako, Antonio Mercerok pantaila txikian eginiko lanik borobilenak direla esan daiteke. Farmacia de Guardia izan ezik, gainontzeko hiruak zinema formatuan daude grabatuak. Hau da, zinemagintza tradizionala egiteari muzin egin gabe, telebistara eta garai berrietara egokitu zen Mercero. Aipatutako lau obretan antzeman daiteke Merceroren eskua, azaletik identifikatu daitezkeen ezaugarriak konpartitzen baitituzte: “Hiru kontzeptu erabili ditut nire lan guztietan: mina, maitasuna eta umorea. Elkarren arteko nahasketaren fruitu izan dira nire lan guztiak. Koktel arraroa da, jakitun naiz, eta maiz pentsatu izan dut ea nola bateratu izan ditudan hain kontrajarriak izan daitezkeen elementuak. Praktikan, baina, mugarriak izan dira nire sorkuntza garatzeko”, zioen zuzendariak.

Arrakasta eta ospea pantaila txikiak eman bazion ere, oso kritikoa zen telebistarekin. Biraorik gabe hitz egin ohi zuen bere ibilbideaz, eta ez zuen zalantzarik izaten esandakoak errepikatu eta ideiak berresteko: “Erratu egin nintzen telebista ximaurra zela esatean; are okerragoa da”. Adierazpenok egin zituen 2003an, La Razon egunkarian, Planta Cuarta (2003) filma estreinatu berritan. Zuzendariak eta ekoitzetxeak egin zituen telebistaren gainbeheraren erantzule, eta behin baino gehiagotan erantzuleek ardura har zezaten eskatu zuen. Berak esan bezala, ordea, “oso zaila da ikusleen ohiturak aldatzea”, baita ezarrita dauden joerak iraultzea ere.

Kamera atzeko ikuspegia

1964an ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituen. Familia ere gai garrantzitsua izan da hainbat lanetan. La Guerra de Papa (1977) filmean familia tradizionalaren irudia ematen duen arren, Farmacia de Guardian gurasoak bananduta dituen familia baten parte dira pertsonaia nagusiak. Eredu finko eta ohiko batetik urrun, Mercerok abangoardia erantsi zien bere lanei, hainbat kritika eta desadostasun eraginez.

Familiak bezain besteko garrantzia du haurtzaroak Merceroren filmografian. Sei hilabete baino ez zituela hil zuen anarkista talde batek bere aita. Anai-arrebarik gabe eta aitaren hutsuneaz, ama, izeba-osabak eta lehengusuak izan zituen helduleku ume sasoian. Aitaren ausentziak haurtzaroa baldintzatu bazion ere, ume alai eta jostaria izan zela nabarmendu zuen bizi artean. Halaber, nostalgia zantzuak antzeman daitezke, esaterako, Verano Azul, Tobi edo Farmacia de Guardia lanetan.

Umeekin lan egiteko abilezia ikaragarria erakutsi zuen hiru obra hauetan, eta txalotua izan zen edozein adinetarako egokiak ziren lanak sortzeko zuen gaitasuna. Farmacia de Guardia eta Verano Azulen kasuetan, belaunaldi oso baten erreferentziazko telesailak izan dira. Lehenaren kasuan, Espainiako telebistaren historian inoizko ikusle-kuotarik onenak lortu dituen telesaila da. Bestalde, nork ez du oroitzen Txanketeren heriotza? Ikuslegoan sortutako atsekabea bizi ostean, pertsonaia karismatiko hura behin betiko deuseztatu izanaz damutu izan zen zuzendaria.

Gertuko zuzendaria

Antonio Mercerorekin lan egiteko aukera izan duten aktoreek esana da esku berezia zuela pertsonaiak lantzerako orduan, “pertsonekin harremantzeko” orduan. Gidoia ondo ikastea, elkarrizketak behar bezala egiteko gai izatea, eta lanean kontzentratuta egotea ziren zuzendariak aktoreei eginiko eskakizunak. Tonu atsegina mantentzen saiatzen omen zen, pertsonen arteko komunikazio osasuntsua funtsezkotzat jotzen baitzuen lana behar bezala egiteko. Aktoreekin izan zuen hartu-eman bereziak zerikusia izan dezake bere amets zapuztuarekin: betidanik nahi izan zue aktore izan, zuzendari eta gidoilari lanetan ere oso gustura aritzen zen arren. Fray Gerundio de las Campazas (1973) laburmetraian pertsonaia bat interpretatzeko aukera izan zuen, baina, dirudienez, ez zion erabat asebete esperientzia bakan hark. Don Juan, Mi querido Fantasma (1989) izan zen zuzendu zuen musikal bakarra, eta antzerki munduan lan gehiago egin ez izanaren pena ere nabaritu zitzaion elkarrizketaren batean gaiaz galdegindakoan.

Alde ilunak baino argi une gehiago daude Antonio Merceroren ibilbide profesionalean. Telebistatik aldenduta, zinema aretoak goraino bete zituzten lanak zuzendu zituen. La Guerra de Papá (1977), Esperame En el Cielo (1987) eta La Hora de los Valientes (1998) filmek frankismoa ikuspegi zabalago batetik jorratzen dituzte. Familiako boterea eta autoritarismoa aitari emanez lehen adibidean, Franko diktadorearen antza izugarria zuen gizon xume baten buruhausteak kontatuz bigarrenean. Hirugarrenak, aldiz, Gerra Zibila hasi berritan kolpisten eskuetatik ondare historikoa defendatzeagatik egin beharreko azpijokoa hirugarrengoan. Azken honengatik Moskuko Nazioarteko Zinemaldiaren XXI. Edizioan epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen.

Azken dantza

¿Y Tú Quien Eres? (2005) Izan zen Merceroren azken lana. Begirada kameren atzetik jarria, azken grabaketan. Alzheimerra da gai nagusia, hil arte aldamenean izango zuen gaitz bera. Planta Cuarta (2002) filma ere ibilbide amaierako lana da. “Bikaina, sentsibilitate handikoa eta umore kutsu handian landua” hitzak erabili zituzten zinema kritikariek obra txalotzeko orduan. Oso gai konplexuak jorratzen ditu bi lanotan, alzheimerra eta minbizia. Gaixotasunok suposatzen duten saminetik urrun, ikuspuntu sozial eta biziago batetik landu zituen Mercerok. Planta Cuartaren kasuan, antzerki obra batetik zetorren ideia zinemara egokitu zuen, maisutasun handiz. Trebetasun bera erakutsi zuen ¿Y tú quien eres? Filma zuzentzerako orduan ere. . Bere azalean bizi behar izan zuen gaitzari eman zion ahotsa, eta, badirudi, ordurako bazekiela alzheimerra zuela.

2018ko maiatzaren 12an hil zen Antonio Mercero Juldian. Museo Birtualaren bidez, Mercerok izandako ibilbide profesional oparotsua omendu nahi izanda. Halaber, jakitun gara, ezinezkoa dela zuzendari lasartearrak izan zuen moduko bizi oparotsu bat webgune batean sartzea. Gertukoenen, jarraitzaile sutsuenen eta Lasarte herriak oroituko du bere ondarea inork baino hobeto. Bejon deizula Antxon!


Mercero ezagutzen dugu, baina nor zen Antxon?

Antonio Mercerori buruzko informazio pertsonalagoaren bila, Marilo Mercero eta Ignacio Mercero lehengusuen hitzak bildu dira hurrengo lerroetan.

Antontxo, ATU

Haurtzaroaren oroimen ederra izan zuen beti Antxonek. Izan zitekeen okerragoa gaztaroa, anarkista talde batek bere aita hil zuen eta 1936 altxamendu faxista ostean familiak Bizkaira ihes egin behar izan zuen eta. Baina familiak aurrera egin zuen, eta ez dute atsekabez oroitzen garai hura.

Behin gerra pasata, jaioterrira itzuli ziren. Herri txikia zen, garaiko Lasarte, mila biztanle ingurukoa. Jolasa eta sormena presente izan zituzten une oro hiru lehengusuek. Orduko giroa islatu nahi izan zuen sekula grabatuko ez zen “está lloviendo y te quiero” pelikulan. “Niretzat garrantzitsuena haurtzaroa berreskuratzea da” esaten zuen sarri.

Inaxio (Ignacio) eta Joxean lehengusuekin aritzen zen pikondoetan zintzilik, pertsonaietara jolasten: “ni ATU naiz esaten zuen”. Egun batean, eskolako irteera batean pertsonaia bat imitatzen hasi eta ikaskideak parrez ikusi zituenean ohartu zen ‘showman’a izan nahi zuela.

Harrezkero bi lehengusuekin aritu zen ikuskizunak sortzen: dantza, kantu eta antzerkiak egiten zituzten; ez zen ohikoa garai hartako Lasarten halako ekitaldiak egitea. Klakea dantzatzeko zapatila batzuk erostera joan omen zen behin herriko zapata dendara, eta dendariak “Antontxo, ¿no serás maricón?” galdetu ziola oroitzen zuen Inaxiok barrez.

Antxon sortzailea zen berez, egun osoa ematen zuen sortzen. Bere gertukoen arabera “ipuin kontalari aparta zen. Edozein pasadizo kontatzeko egundoko istorioa asmatzen zuen”. Bizitzaz eta maite zituen pertsonez disfrutatzea gustatzen zitzaion: edozein aitzakia baliatzen zuen abesteko, dantzatzeko eta parra egiteko. “Familiako kontua da” diote lehengusuek.

Euskara eta apaltasuna

Jende apalaren aldekoa zen Antxon: “ez zuen handikeriarik onartzen”. Horregatik egin omen zuen “La hora de los valientes” pelikula, gerra zibilean anarkistek izandako irudia miresten duena. Behin Carrero Blancori “Crónicas de un Pueblo” programa gustatzen zitzaiola entzun omen zuen, eta berak erantzun “ba niri jada ez zait gustatzen!”.

Askotan erakusten zuen apaltasun hori. Haurren mundua eraikitzeko zuen sentsibilitate berezi hori horren lekuko.

Bolada batean bere gertuko lagunak handizki bazkaltzera gonbidatu zituen, estatu osoan zehar banan bana. Gaixotasun bat pasa omen zuen, eta ondo ospatu nahi zuela esan zien denei. Gezurra zen. Alzheimerra diagnostikatu berri zioten, eta bere lagunez agurtu nahi zuen. Eta ez zuen inor ahaztu nahi.

Euskaraz ez zekien arren, izugarrizko maitasuna zion hizkuntzari. “Ariyo” hitza oroitzean poz ederra izan zuela oroitzen du Jose Ignazio Ansorenak, adibidez. Txirri, Mirri eta Txiribitonen bideo guztiak jartzen zizkien Madrilgo bere bilobei, eta hara non, euskaraz jakin gabe, denak abesten zituztela!

Alzheimerrak jota, bere azken egunetan, Lasarteko bi lehengusinak bere etxera bertaratu ziren, Madrilera. Euskarazko kantuak abesteko eskatu zuen, eta orduak aritu ziren kantuan. Ez zuen gauza asko oroitzen, baina ez zituen egundo ahaztu bere txikitako hitzok.

Sariak

1996

Urrezko Danborra

2010

Akademiaren Ohorezko Goya

Argazkiak

1948 - Antonio Mercero (beheko lerroan, ezkerretik hasita laugarrena) Lasarteko parrokiako koroarekin

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

1952 - Mercero Donostian (Gipuzkoa) futbol-taldearekin

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

1953 - Antonio Mercero Asteasun (Gipuzkoa): "Principio de una carrera de cómico y guionista"

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

1996 - Mercerotarrak Lasarteko Euskararen Maratoian abesten

Ezezaguna (Ignacio Mercero, María Dolores Mercero)

1996 - "Tambor de oro para Antton": Mercerotarrak Antoniok Urrezko Danborra Saria jaso ostean

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

1996 - Mercerotarrak Arrieta Etxean entseguak egiten, Euskararen Maratoian abestu aurretik

Ezezaguna (María Dolores Mercero)

1996 - Antonio Mercero familia eta lagun-artean Lasarten, Euskararen Maratoiko herri afarian (Lasarte)

Ezezaguna (María Dolores Mercero)

1996 - Antonio Mercero familia eta lagun-artean Lasarten, Euskararen Maratoiko herri afarian (Lasarte)

Ezezaguna (María Dolores Mercero)

2001 - Mercero Nerjan (Malaga), bere izena duen paseoam

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

Ezezaguna - Antonio Merceroren haurtzaroa

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

Ezezaguna - Antonio Mercero Lasarteko (Gipuzkoa) ikuskizun batean

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

Ezezaguna - Antonio Mercero Lasarteko (Gipuzkoa) ikuskizun batean

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

Ezezaguna - Antonio Mercero Ignacio lehenegusuarekin batera dantzan, sagardotegi batean

Ezezaguna (Ignacio Mercero)

Bideoak

2019 - Antonio Merceroren bizitza eta obrari errepasoa (euskaraz)

Lasarte-Oriako Udala

Azpituluak: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.

2019 - Antonio Merceroren bizitza eta obrari errepasoa (gazteleraz)

Lasarte-Oriako Udala

Azpìtituluak: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez