Pis
Eskolako bigarren urtean egiten duen lana da Pis, 1961an. 16 mm-tan grabatua, gags formatuan dago oinarrituta istorioa. Komunik aurkitu ezin da, gizon batek dituen larritasunak kontatzen ditu. Azkenean, kaletik doan herritar talde batek bere inguruan zirkulua egin eta bertan pixa egiteko gonbita egiten diote, ingurua babestuta dagoela ziurtatuz.
La balada de los cuatro jinetes
Albistegietako irudiz osatutako dokumentala da La Balada de Los Cuatro Jinetes, kutsu erlijiosoko musikaz lagundua. AEBtako arrazakeria, Vietnameko gerra eta trafikoko istripu nahiz hondamendi naturalek eragindako miseria salatzen du Antonio Mercerok, begirada zorrotz eta kritikoz. Apokalipsiaren lau zaldunek egindako bidaia baten kontakizuna da, espazioaren konkista irudikatzen dutelarik.
Crónicas de un pueblo
Telebistan izan zuen lehen arrakastatzat jo daiteke. Espainiako Foruetan oinarritutako herri eredugarri baten egunerokoa da saioaren trama nagusia. Zuzendari ez ezik, aktore lanetan ere aritu zen Cronicas de un Pueblo saioan. Polemika eta gatazka ideologikoak tarteko, utzi egin zuen postua urtebeteren buruan.
La misa vasca
Igandetako meza tradizional baten kontakizuna egiten du Antonio Mercerok La Misa Vasca laburmetraian. Euskal kulturako elementuak daude elizkizunean, berrikuntza modura: txalaparta jotzaileak, bertsolariak, euskal kantak abestuz musika taldea, dantzaria…
Este señor de negro
1975an estreinatu zen telesaila izan zen Este Señor de Negro. 19 kapitulu izan zituen guztira, eta TVE-n emititu zen. Antonio Mingote marrazkilariak asmatutako Sixto Zabaneta pertsonaia da seriearen muina. Espainiako gizartearen balioak eta printzipio arkaikoenak irudikatzen ditu.
La guerra de papá
Miguel Delibes idazleak idatzitako El Principe Destronado liburuan oinarrituta dagoen filma da La Guerra de Papá. Antonio Mercerok zuzendu zuen. Arrakasta handia lortu zuen estreinaldian, baina ez zuen behar besteko oihartzuna lortu, prentsak film alderdikoitzat jo baitzuen.
Verano Azul
Antonio Merceroren telesailik esanguratsuenetarikoa da. Andaluziako kostaldean girotuta dagoen drama familiar da, eta uda sasoiko oporrak igarotzen ari den nerabe koadrila baten abenturak ditu ardatz. Gazteez gain, emakume margolariak eta erretiratutako itsasgizonak pisu handia dute argumentuan. Telesailaren zuzendaria eta sortzailea izan zen Antonio Mercero.
Buenas noches, señor monstruo
Lau mutil basoaren erdian galtzen dira eskolako irteera batean. Ekaitzaren erdian, abandonatutako etxe batera sartzen dira. Dracula, Hombre Lobo, Quasimodo eta Frankestein doktorea ezagutuko dituzte bertan. Munstroek jendartea izutzeko ahaleginak egin arren, jada ez dute helburua lortzen, eta galdutako ospea berreskuratzea izango da mutikoen zeregin berria.
Isabel, Reina de Corazones
Isabel II erreginaren erbesteratzeari buruzko antzerki obra da Isabel, Reina de Corazones. Erreginari buruzko lan klasiko eta ohikotatik urrun, erreginaren atzean ezkutatzen den emakumearen gainean jartzen da fokua: bere sentimenduez, emozioez, arduraz eta maite duen herria utzi beharrak sortzen dizkion barne-gatazkez mintzo da. Antonio Mercero zuzendari lanetan aritu zen.
Espérame en el cielo
Espérame en el Cielo filmaren indar gune nagusia umorearen erabilera da. Frankismoa izanik gai nagusia, ohikoena beste ikuspuntu batetik lantzea litzake, neutroagoa, agian. Mercerok, ordea, bere betiko trikimailuak erabiltzen ditu gaia behar bezala lantzeko: umorea eta gizatasuna. Bi kontzeptu hauei esker, filmak arrakasta handia lortu zuen.
El tesoro
Arkeologo talde baten eta herri oso baten arteko tirabira da El Tesoro filmaren ildo nagusia. Lehenengoek aurkikuntza historiko garrantzitsu bat egiten dute Gamones herrian. Bertako herritarrek aurkikuntza eurena balitz bezala jokatzen dute, indarkeria asko erabiliz altxorra defendatzeko. Herritarren eta hiritarren arteko lehia da.
La hora de los valientes
Arte lan klasikoen jarraitzaile sutsua da Manuel anarkista gaztea. Madrilgo Prado Museoan zaintzaile bezala egiten du lan. 1936an Gerra Zibila hasi berritan, Espainiako Gobernuak Pradoko obrak Valentziara lekualdatzea erabakitzen du, ondare historikoa zaintze aldera. Manuelek Francisco de Goyaren erretratu bat berreskuratzea lortzen du. Filma Madrilen kokatzen da, gerraren hastapenetan. Maitasun istorio bat du oinarrian.
La habitación blanca
La Habitación Blanca oso sinplea da, ia tribiala. Gizon batek telebista berri bat erosten du, azken modeloa, gailuarekiko duen adikzioa elikatzeko. Temati saiatzen da protagonista (Chete Lera) bere familia konbentzitzen, erosketa egokia eta aurrerakoia dela sinetsi dezaten. Oso modu patetikoan gertatzen diren elkarrizketak dira.
Los verdes campos del Edén
Juan izeneko etxegabe baten istorioa kontatzen du Los Verdes Campos del Eden antzerkiak. Herri txiki batera iristen da Juan, bere aitonaren panteoia dagoen lekura. Bere jabetzakoa eta lurrarekin bat egiteko leku bakarra balitz moduan, aitonaren panteoia bizitoki izendatzen du Juanek.
Los caballos cojos no trotan
Anbizio handiko gizona da Miguel, zeinak ez duen inongo arazorik bere familia mespretxuz albo batean utzi eta bere bizitzarekin jarraitzeko. Emaztearengandik gehiago jaso ezin duenean berarengandik aldentzen da. Prozesu bera erabiltzen du semearekin eta gainontzeko senideekin.
Baserri Galdua
Euskal baserri tradizionalen galeraz diharduen dokumentala da Baserri Galdua. Lasarte-Oria inguruan historikoki hain ohikoa izan den bizimodu baten gainbehera kontatzen du Antonio Mercerok. Lasarteko Udalaren eskariz eginiko lana da, eta herriaren ondarea historikoa zaintzea du helburu.