El pueblo sumergido 1983
Oihartzun askorik izan ez zuen lana izan zen El Pueblo Sumergido. Halaber, hainbat kritikarik orduko argitalpenetan zehaztu bezala, mami askoko filma da, Antonio Merceroren oinarri izan ziren balore eta ideia ugari jorratzen baitira filmean. Bizilagunen arteko komunitate izaera da funtsezko argumentu, baita memoria historikoak elkarbizitza osasuntsu batean duen garrantzia ere.
Urtegi bat eraikitzearen ondorioz, ur-azpian geratzen den herri baten istorioa da gai nagusia. Herritarrek euren etxeak utzi, eta leku aldatzera behartzen ditu administrazioak, azpiegitura hidrauliko erraldoi bat eraiki behar dutela argudiatuz. Herri berriak zaharrak baino baliabide eta zerbitzu egokiagoak eskaintzen baditu ere, identitaterik gabeko etxe multzo hutsa baino ez dela pentsatzen dute herritarrek. Arima gabeko bizitokia. Iraganeko izaera lortze aldera, herri zaharreko kanpaia berreskuratzeko plana jartzen dute martxan. Helburua lortzea, ordea, ez da hain erraza izango, eta makina trikimailu erabili behar izaten dituzte herri berriari izaera emateko.